XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); baña ostatuko andere narratxak agindu zidanez, etzan alere zer bildurturik gauez atea zabalik utzi ezkero aize-berritze ona zala ta.

Oso soluzio txarra iruditu zitzaidan ura; baña nere ein artan enintzan ezeri gogor egiteko gauza eta amor eman nuen, an geldituz.

Besterik zan orratio nik nuen asmoa, zeren gauez nere gelatik solanbulo irten ahal izan ezkero, zenbat iraun ote nezakean an?

Ez ote nuen egingo aurki Loren'en etxean bezelako astakeriaren bat?

Bildur nintzan beñipein.

Argitasun guztizko batek argitu ninduen egun aietan.

Nere inka gorri artan berean, garbiago nekusen munduaren kakoa beñere baño.

Asko pentsatu nuen mariñel gizajo artaz.

Zergatik sufritu zuen? Egiazko etziran katramillengatik larritzen eta ikaratzen zalako.

Bere itsasoa etza itsaso, ezta ontzi ere bere ontzia.

Bere mundua berak sortzen zuen, barrutik kanpora; eta bere baitatik kanpora sortutako bere mundu artantxe itotzen zan.

Bere eritasunak, alabaña, sendabide erraza zuen: mariñela komentzitu: Zure itsaso ori eztago, eta zure ontzia ere ez. Zerorrek sortu dituzu mamu oiek. Ken itzazu, ezaba itzazu, erauz itzazu, eta atseden osoa dukezu.

Eta, orra or kakoa: Nik ere berdin egin bear nuen, eta gizon guziak berdin.

Nere Ni-tasuna, bein eta berriz porogatzen ari naizen bezela, ez da ezer.

Nere ametsak eztira ia egiatik bereizten: ez dakit aspaldi ontan noiz ari naizen ametsetan, eta noiz ez.

Munduan dagoen guztia itxura da; eta itxura orrek neronek nai dudan arteraño iraun dezake mariñelaren munduan bezelaxe.

Neuk sortzen dut ni gero zigortzen nauen mundua: neronen egintzen jopua naiz.

Ots, mediku bat bear dut, mariñelak bezela, nere sasi-itsaso ontatik begira nazan.